XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xinaurri lana erakaslearena bainan lan ederra, premiatsua.

Apaiz zara eta erakasle.

Ikertzaile ere bai, ez baita erakasle onik ikertzaile ez denik.

Bide urratzaile hau, Gasteizko Seminario nagusian, moldatzen zinituelarik apaiz gai gazteak erakatsiz zer zen Euskal Herriaren aurrehistoria eta historia, etnologia, soziologia.

Gai irriskorrak 1920 eta 1936 arte horretan, Don Manuel Lekuonak erakasten zaielarik euskal literatura.

Gehienek orduan ikasi zuketen beren sort herriaren aberastasuna ez baitzen holakorik erakasten gobernuko eskoletan, ez Frantzian eta ez Espainian.

Herriaren kontzientzia, hots, hitz batez abertzaletasuna, euskal kulturaren erakaskuntza horretan oinarritzen zen eta zuk, Don Jose Migel Barandiaran parte haundi bat hartu zinuen.

Euskaldun jendea zure dizipulua izan da.

Gero hasi zen 1936.eko gerla ikaragarria, Euskadi sakabanatua, zauritua, ilunpean sartua.

Herbesterako bidea hartu zinuen orduan, Baionan, Miarritzen eta gero Saran bizi zinela.

Uste dut ongi etorri on bat ukan zinuela Iparraldean, kasu horietan Iparraldea baita euskaldunen aterbea.

Saran iragan duzu dozena bat urte.

Sara, herri ederra, osoki euskalduna, Sara, Iparralde eta Hegoaldeko lokarria aspaldidanik, Axular idazle paregabekoa dela lekuko Urdazibitarra sortzez eta Sarako erretor, Etxeberri aldiz Saratarra sortzez eta Beran, Hondarribian eta azkenik, Azkoitian mediku.

Saran ez zara alferrik egon.

Han segitu dituzu azterketak, han ezagutu dituzu Iparraldeko gazte batzu eta zuri esker lekuko 40 edo 50 urteren buruan Lauburu deitzen den elkartearen kideak, denek, aho batez aitortzen dutela zer zorretan dauden zurekin.

Euskal Herri osoko erakasle eta maisu izan zara, hango eta hemengo ikertzaleen erakasle nagusia eta egiazko lokarria.

Saran bizi izan zara.

Saran gara, Lapurdiko itxura duen etxe hau Sara deitu baituzu Sarako oroitzapen goxoen gogoan hobeki atxikitzeko.

Jakin-zazu, guk, Iparraldekook pozik gaudela ikusiz holako atxikimenduaren lekukotasuna.

Abenduaren 31 batean jaio zinen, urte zaharra bururatzen zela, urte berri bat sortzen zela.

Laroigoi eta hemeretzi aldiz ikusi duzu urte berriaren hastapena.

Ehungarren urtean zabiltza.

Jainkoak eman diezazula bertze urte berri batzuren ikusteko zoriona.

Hauxe da eskatzen dioguna bihotzaren erditik. Jean Haritschelhar Euskaltzainburua.